CastellanoEuskara
traduCCIones - Centro de Comunicación Internacional
AurkezpenaZerbitzuakHizkuntzakBezeroakHarremanetarakoLanegun BatHome

Interpretazio sozialerako kode etikoa

1.- Konfidentzialtasuna.
Interprete sozialak ez du sekula interpretazioan aritzean entzundako eta/edo igorritako informazioa hedatuko, nahastutako aldeek hori egiteko baimena argi eta garbi eman ez badiote, edo legeak halaxe agindu ezean. Era berean, ez du komunikazioan inplikaturik dauden aldeei buruzko informaziorik ezagutaraziko.

Oharra: salbuespen kasuetan (buru-hiltzea, adingabeen abusua edo genero-indarkeria), eta haien jakinaren gainean badago, informazio hori dagokion administrazioari emateko betebehar morala du, baita lege betebeharra ere.

2.- Pertsonekiko errespetua.
Interprete sozialak errespetuz tratatuko ditu interpretazio jardueran inplikatuta dauden pertsona guztiak:

  1. modu berean tratatuko ditu alderdi guztiak, duintasunez eta errespetuz, bakoitzaren arraza, kolorea, adina, generoa, sexu-orientazioa, erlijioa, naziotasuna, ideologia politikoa, egoera sozio-ekonomikoa edo sinesmen kulturalak edozein izanik ere.
  2. erabiltzailearen eta zerbitzu publikoko langilearen arteko edo erabiltzailearen eta interpretearen arteko genero desberdintasunagatik komunikatzeko egon litezkeen hesiak ezagutzera emango ditu.
  3. errespeturik gabe esandakoari erantzungo dio, adieraziz, printzipio etikoen arabera, esandako guztia (zakarkeriak eta iruzkin zein jokabide diskriminatzaileak barne) leialki itzultzeko betebeharra duela.

3.- Inpartzialtasuna.
Interprete sozialak ez du interpretazioan inplikatutako alde batekiko zein bestearekiko inolako lehentasunik edo aurretiko jarrerarik erakutsiko. Sekula ez die jardueran parte hartzen duten pertsonei buruzko iritzi pertsonalik eman behar, ezta pertsona horien adierazpenak zalantzan jar ditzaketen aurpegi-keinurik egin behar ere.

Inpartzialtasuna honela erakusten da:

  1. alde bati nahiz besteari lehentasunezko traturik eman gabe.
  2. aldeei beren kabuz komunikatzen utziz, eta komunikazioan hirugarren alde bezala parte hartu gabe; interpreteak, beraz, ez du ez aholkurik ez iritzi pertsonalik emanen.
  3. aldeek elkarrizketa batean eztabaidatzeko duten eskubidea errespetatuz eta, inplikatu gabe, interpretatzen jarraituz.
  4. solaskideen arteko elkarrizketan iritzi edo gogoeta pertsonalik adierazi gabe, baita igortzen den mezuarekin ados ez dagoenean edo okerra, faltsua edo ezmorala dela hautematen duenean ere.
  5. inpartzialtasun falta erakusten duten keinuak egin gabe (sorbaldari eragin, bekokia zimurtu, harridura edo atsekabea erakutsi, etab.).
  6. interpretearen eta erabiltzailearen arteko lotura pertsonalak saihestuz; beraz, lotura pertsonal horiek erabiltzaileari lotsa edo deserosotasuna sentiarazten badiote askatasunez adierazteko orduan, beste interprete bat eskatzen saiatuko da.
  7. interpretea ordezkatzeko eskatuz, traumengatik edo esperientzia pertsonalengatik estres emozionala nozituko dela eta horrek interpretazio zerbitzu egokia eragozten duela argi dagoenean.

Oharra: beste interprete bat eskura ez dagoen kasuetan, horrek bere egoeraren berri emango du eta erantzukizunez jokatuko du, bere buruarekiko eta besteekiko errespetuz jokatuz betiere.

4.- Fideltasuna.
Interprete sozialak zehaztasunez itzuliko du mezua, eta beti eduki linguistiko eta kulturala helarazi beharko du, baita hiztunaren intentzioa ere; horretarako, jasotzaileak ulertzeko moduko hizkera erabiliko du interpreteak.

Halaber, solaskideek erabiltzen duten erregistroa, hizkuntza maila eta abar ahalik eta leialkien islatzen saiatuko da, hizlariak sortutako eragin berdina sortzeko. Horretarako:

  1. ahozkoak nahiz ahozkoak ez diren mezuak igorriko ditu mezuaren esanahia aldatu gabe.
  2. hiztunaren testuinguru kulturalean esanahi bakar edo esklusiboa duten ahozkoak ez diren adierazpen edo keinuen esanahia argituko du.
  3. hiztunaren mezuaren doinua mantenduko du, baita lizunkeriak eta zakarkeriak esaten direnean ere.
    (Oharra: kulturen arabera, esamolde horiek onartzeko maila desberdinak daude, eta ulergarria da interpreteak horiek interpretatu nahi ez izatea; fideltasunaren printzipioari eutsi beharra dago, baina, erabiltzaileak berak hitz egingo balu bezalako efektu bera eragiteko).
  4. hauteman bezain laster ezagutarazi eta zuzenduko ditu interpretazio akatsak.
  5. azentu, dialekto, erregistro eta kultura desberdintasunak dauden kasu partikularretan, esanahia argitu eta guztia ulertu dela egiaztatuko du.
  6. hiztunak erabilitako hizkuntzaren erregistro formal/informal bera mantenduko du; ulermena ezinezkoa den kasuetan, zailtasun horien berri emango du, eta erregistroa egokituko du elkar ulertzen laguntzeko.

5.- Interes arteko gatazka.
Interprete sozialak gertatzen den edo gerta daitekeen edozein interes arteko gatazkaren berri emango die alde guztiei. Interprete baten objektibotasunari eragozten dion edozein baldintza da interes arteko gatazka. Interpretea alde batekin erlazionaturik badago edo alderen baten ezaguna bada, edota interpreteak interpretazioaren emaitzan interes pertsonalik badu, gatazka sor daiteke.

Era berean, herrialde baten eta beste baten sistemen arteko kultur desberdintasunen ondorioz, interes arteko gatazka egon daiteke. Alde batek, edo biek, gure herrialdean eta/edo erabiltzailearen herrialdean sistemak duen funtzionamendua edo horren baliokidetasuna ez ezagutzeagatik, interpreteak argitu egin beharko ditu desberdintasun horiek komunikazioaren emaitzan eragina izango dutela erreparatzen badu. Interpreteak ez du inoiz aurretiko jarrerarik, aurreiritzirik edo partzialtasunik erakutsiko.

6.- Gaitasuna.
Interprete sozialak bere gaitasunak ahalbidetzen dion lana bakar-bakarrik onartuko du, "hautatua", "ebaluatua" eta "prestatua" izan den hizkuntzetan betiere. Interpreteak uste badu bere lana aurrera eramateko behar bezalako prestakuntzarik ez duela, ez du lan hori onartu behar.

Hitz, esamolde edo ñabardura baten itzulpen zehatza garrantzitsua eta erabakigarria izan daiteke; horregatik, beharrezkoa den denbora erabili behar da, hobe baita zehatz-mehatz itzultzea agudo itzultzea baino.

7.- Kultur sentiberatasuna.
Interpreteak funtsezkoak dira kultur desberdintasunak eta horiek komunikazioan duten inpaktua identifikatzerako orduan. Kultur sentiberatasuna garatzea interprete sozialaren oinarrizko zeregina da. Horretarako, interpreteak kultur ikastaroetan parte hartzeko gomendatzen da, ondoko xedeetarako:

  1. balio pertsonalek kultur talde desberdinekin lan egiteko trebetasunari nola eragiten dioten ikusteko.
  2. lanaren xede diren kultur talde desberdinen artean dauden antzekotasun eta desberdintasunei buruzko ezagutza handiagoa eskuratzeko.
  3. kultur desberdintasunak leuntzen, arintzen dituzten estrategiak sortu, egokitu eta inplementatuko dituzten trebetasunak garatzeko.

8.- Profesionaltasuna.
Interprete soziala bere lana egiteko gaitasuna mantentzen ahalegindu behar da, trebetasunak hobetzeko ikastaroetan, prestakuntza eta ikerketa programetan eta birziklatzeko ikastaroetan parte hartuz. Bere jarrera beti hartuko da profesionaltzat, ondokoak errespetatzen badira behintzat:

  1. interpretazioarekin erlazionatuta ez dagoen beste edozein lan ez onartzea.
  2. bere mugei, esperientzia faltari buruz eta abarri buruz jakinaraztea, interpretaziorako kaltegarriak izan daitezkeelako.
  3. lan egiten den ingurunerako egokia eta aproposa den janzkera erabiltzea.
  4. edozein alderen eskutik datorren eroskeriarik, esker-ordainik edo mesederik ez onartzea (gozoki edo beste motatako elikagairen bat bezalako oparitxoren bat onartu daiteke, eta area horretan dauden gainerako lankideekin konpartitu daitezke, baina betiere kulturaren arabera egokia bada).

 

 

(c) CCI Centro de Comunicación Internacional   Iratxeko Monasterioa, 47, behea (atzealdea). 31011 Iruña
948 197 997    euskera@traducci.com    internacional@traducci.com