CastellanoEuskara
traduCCIones - Centro de Comunicación Internacional
AurkezpenaZerbitzuakHizkuntzakBezeroakHarremanetarakoLanegun BatHome

Itzulpengintza eta interpretaziorako kode etikoa

Itzultzaile eta interpreteak bere gaitasunaren arabera egin ditzakeen lanak bakar-bakarrik onartuko ditu, bere ezaguerak, eskura dituen baliabideak eta seinalatu zaion epea aintzat hartuz. Hortaz:

  • Sorburu zein xede hizkuntzaren ezagutza egokia izan beharko du.
  • Kultura orokor zabala izan beharko du eta testuaren gai eta terminologia ondo ezagutu beharko ditu, edo, bestela, hori lortzeko beharrezkoak diren giza baliabideez eta baliabide materialez baliatu beharko da.
  • Informazio iturrietarako eta beharrezkoak diren erreferentziako materialetarako jotzeko modua izan beharko du, eta lanbidearen tresnak ezagutu beharko ditu.
  • Jatorrizko testuari leial izatearen eta xede hizkuntzaren estiloari zein testuaren (edo komunikazioaren) helburuari leial izatearen arteko oreka aurkitu beharko du.
  • Hitzartutako epea (edo zerbitzuak emateko agindutako ordua) bete beharko du.
  • Azkenik, lege xedapenak eta, zehazki, zerga betebeharrak errespetatu beharko ditu.

Bestalde, itzultzaileak edo interpreteak pribatua den informaziorako sarbidea izanen duenez, konfidentzialtasuna oinarrizko baldintza izanen da.

Isilpeko informazioa izanen da itzultzaile edo interpreteak ezagutu duen eta bezeroak hedatu ez duen informazio guztia edo, itzultzaileak, zuzentzaileak edo, interpreteak esku hartu gabe, publikoki jendaurrean ezagutzera heldu dena.

Bezeroak legezko xedeetarako erabiltzeko baimentzen duen informazio guztia, bezeroaren interesekiko gatazka sortzen ez duena eta gure jarduerari aplikatzen zaion legedia hausten ez duena, ez da isilpekotzat hartuko.

Obligazioduna sekretua gordetzeko beharra betetzetik libratuko da delituzko egintzen prebentzioarekin zerikusia duten arrazoi sendoak daudenean. Hori guztia kasu bakoitzerako legeak agintzen dituen betekizun eta betebeharrei kalterik egin gabe. Hortaz:

  • Bere jardueraren bidez ezagutzen duen edozein informazio sekretu profesionaltzat hartuko du, hutsala ematen badu ere.
  • Isilpeko informazioa ezin izanen dio bezeroak argi eta garbi baimendu ez duen inori jakinarazi eta ezin izanen du, are gutxiago ere, probetxu pertsonalerako erabili.
  • Inork isilpeko informazioa bildu dezakeen materialerako sarbidea izan ez dezan, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu.

CCIk, bere aldetik, bere itzultzaile kontratatu nahiz azpikontratatuei soldata edo tarifa egokia, hurrenez hurren, ordaintzeko konpromisoa hartzen du, duintasunez eta eraginkortasunez lan egin dezaten. Trukean, CCIk itzultzaile eta interpreteei lehen aipatutako guztia betetzeko eta lana eman dien enpresaren interesak zaintzeko eskatuko diete. Hortaz:

  • CCIri eman beharko dio (eta CCIk bezeroari) interesgarria, beharrezkoa iruditzen zaion isilpekoa ez den informazio guztia (gomendioak, akatsei edo zalantzazko edukiei buruzko informazioa, hautemandako hutsak edo gabeziak), itzulpen edo interpretazio zerbitzua ahalik eta hobekien izan dadin.
  • Bezeroarekin zuzenean harremanetan jartzea saihestu beharko du, CCIk argi eta garbi baimena eman ez badio, eta egindako edozein harreman zuzeni buruz jakinarazi beharko dio.
  • Ezin izanen dizkio bezeroari bere datuak eman, CCIk aldez aurretik hori egiteko baimena eman ezean.

 

 

(c) CCI Centro de Comunicación Internacional   Iratxeko Monasterioa, 47, behea (atzealdea). 31011 Iruña
948 197 997    euskera@traducci.com    internacional@traducci.com